2024/04/09

2024ko AHOZKOTASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNAREN MEZUA

 

 

Dagoeneko asteak pasa dira Martxoak 20tik, baina ezi ahaztu nabil Juan Kruz Igerabidek idatzitako hitzak. Erabil dezagun memoriaren biltegia.

Gora Ahozkotasuna!

 

2024ko AHOZKOTASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNAREN MEZUA

“Tradiziotik”

Ahozko tradizioko ipuin sinbolikoenetako bat kontatu nahi dizuet:
“Garai batean animalia guztiek zekiten mintzatzen, bai halaber
landareek; landareek oro, goroldioak izan ezik.
Arrazoiak edo Logosak ez zuen hasieran hitz egiten; Mitoa soilik
zen mintzo. Bide batez esanda, Ulisesen istorioak iragartzen du
jada Logosa Mitoari gailenduko zaiola; ez da kasualitatez Atenea
Ulisesen babesle, Zeusen burutik jaiotako jainkosa, gogoetaren

eredu; ez dira kasualitatez Ulisesen ezaugarri nagusiak buru-
azkarra eta hizketan trebea izatea; horien bidez menderatuko du

Ajax Telamonio (Mitoaren balio heroikoaren eredua) eta Akilesen
armak eskuratuko ditu. Homerorengan bertan dago, beraz, gero
Sokratesek loratuko duen ernamuina.
Goroldioa triste eta burumakur zegoen, konturatzen baitzen bera
bakarrik zela mintzatzen ez zekiena. Landare ahizpak errukitu
zitzaizkion, bada, eta hizketan erakusten saiatu ziren. Egin zuten
txistu, egin zuten kantu, egin zuten dantza bere ahizparentzat,
egunetan, asteetan, hilabeteetan, urteetan, mendeetan...
Ez zuten, haatik, hari hizketan erakusterik lortu. Orduan,
animaliak joan ziren landareei laguntzera. Egin zuten txistu, egin
zuten kantu, egin zuten dantza bere ahizparentzat, egunetan,
asteetan, hilabeteetan, urteetan, mendeetan...
Haien ahalegina ere alferrikakoa izan zen.

Hainbeste nekatu ziren lan hartan, ezen landareak aurrena eta
animaliak gero hizkuntza galtzen hasi ziren. Aurrena, elkarri
ulertzeko zailtasunak izan zituzten. Gero, ez zuten tutik ere
ulertzen. Eta, hala, hitz egiteari utzi zioten; zertarako hitz egin, ez
baitzioten elkarri ezer esan ahal?
Landareek erabat galdu zuten mintzoa. Animaliek, aspaldiko
altxorraren oroigarri, silaba bat gorde zuten espezie bakoitzeko;
horrela, gaur egun oraindik ere batzuek mu esaten dute, beste
batzuek be, beste batzuek miau.
Alabaina, hasieran goroldioa salbuespen izan zen bezala,
geroan animalia bat izan zen salbuespen, ezen silaba guztiak
bildu eta hizkuntzaren jabe egin zen; bi hankako animalia bat zen,
itxura guztien arabera. Ulises-Prometeo bat.
Haizeak landareak gogor astintzen dituenean, badirudi landare
haiek antzinako hizkuntza oroitzeko ahalegina egiten ari direla, eta
txistu egiten dute era askotan, silaba bat atera nahian ari balira
bezala. Goroldioak ez du egiten hori; goroldioak isilik dirau, harrien
gainean uzkurturik, triste eta erdi lizundurik”.
Ipuin honek mitoaren lurraldera garamatza; poesiaren,
sinboloaren eta analogiaren lurraldera; panteismo animistaren
lurraldera, non dena baita mintzo musikaren bidez, non dena baita
mintzo koloreen eta irudien bidez.
Ametsen lurraldean gaude, denbora biribilaren lurraldean.
Tradizioaren iturriak gizakiaren imajinarioan daude, non mintzo
baita natura guztia; imajinario horrek jasotzen du mendez mende
denboraren errotan dabilen jakituria.

Tradizioak badu biltegi bat; biltegirik gabeko tradizio bat,
memoriarik gabekoa, aingurarik gabekoa, berehala eramaten du
globalizazioaren haize-zirimolaren alderik baldar eta gaiztoenak.
Haatik, gauza bera gertatzen zaio biltegi ederreko ateak ondo
itxirik dauzkan tradizioari; inork ez dezala kutsatu; liburutegi
ederrak ditu, baina irakurlerik ez. Errota geldirik. Dena goroldio.
Biltegia eta erabilera. Bestela, jai dugu. Sehaskako haurra da
tradizioa, ondo zaindua, ondo elikatua, kanta epeletan bildua eta
kulunkatua, oba, oba, loa, loa, txuntxurrun berde, ttunkurrunku
ttunkurrun kuttuna; oinez ikasi eta munduan zehar dantzatuko den
haurra, ttikirriki, ttikirriki, ttikirriki ttona.

Juan Kruz Igerabide Sarasola
(Ahozkotasunaren Nazioarteko Eguna, 2024-03-20)

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.