2017/12/27

ZORIONAK ETA ESKERRAK LEINTZ GATZAGAKO HERRIARI

Atzo, abenduak 26, Gatzagako bolondresen lanari esker, martxan jarri zuten liburutegia urte askotan beste erabilera batzuk eman eta gero.
Polita geratu da benetan, Zorionak herriari!

Nik han egoteko zortea eduki nuen, ipuin saio bat eskeintzen. 
Asko gozatu nuen. 
Nire desioa, herritxo txiki haundi honek, bide berri honetan, gozamena eta istorio majiko asko eduki ditzala da!!

Eskerrik asko eta nahi duzuen arte.





2017/12/10

EUSKARAREN EGUNA

 IKUSI-MAKUSI rekin batera, gure ama hizkuntzaren eguna ospatu genuen Gasteizko Marianisten eskolan.
Ipuin korapilatuak, kanta eta dantzekin batera euskaraz disfrutatu genuen haurrekin batera.

Esperientzia polita izan zen.
Eskerrik asko IKUSI MAKUSIko artista pareari!!!

Noiz berriz??

EMAKUMEEN INDARKERIAREN AURKAKO EGUNA

 

















Atxondoko Eskolan egon ginen KONTUKABI koak egun honetan ere "Bazen bitan...Loti ederra" ipuina kontatzen.

Aurreiritzi eta genero errolak hankaz gora ipini genituen humore eta alaitasunez. Ederki pasatu genuen ikasle eta irakasleekin. Plazerra izan zen.

Errepikatzeko desiatzen gaude!!!

2017/11/09

IRAKURKETA GOMENDIOA



     Gaurkoan Adela Turínek idatzitako "Rosa Caramelo" liburua gomendatzera natorkizue.

Metaforaz betetako mezu zuzena dakarren irakurketa da, generoen arteko, inposatutako desberdintasunak agerian uzten dituena.
Askatasun eta berdintasunean hazi ezkero, guztiak berdinak garela erakusten duena.
  
Istorioa, askatasuna lortzeko pausoak emateak dakarren haize freskoaz  busti egiten du idazleak.

2017/11/06

Ze gustora Oñatiko Ludotekan kontuak kontatzen!!



 Ura bizitza da!! 

 Hori eta beste gauza asko erakutsi zizkiguten ipuin eta istorioek Oñatin.

 Ura nondik datorren, ze dakarren, nora doan..... galderei erantzuna eman genien, bertan geundenon eta istorietako pertsonaien artean.

Plazerra izan zen! Ea noiz errepikatzen degun!
 







2017/10/10

MAKAL SENDOAK



makal sendoak-antton kazabon-jokin mitxelena erize-9788415756811


Oraingo honetan, aspaldi irakurri nuen eta barru barruan gelditu zitzaidan liburuaren irakurketa proposatzera natorkizue.

"Makal Sendoak", Antton Kazabonek idatzia eta Jokin Mitxelenak ilustratua.

Xamurtasunez eta naturan aurkitu ditzazkegun elementuz beteriko istorioa da. 
Makal zahar bi eta gazteago baten bizitza eta egunerokotasuna kontatzen dizkigu, beti ere naturaren legeen menpe dagoena.
Tristea eta gogorra tarteka, baina esperantzaz eta edertasunez betea era berean. Bizitza bera bezalakoa.

Gozatu ezazue, ez zarete damutuko!

 

2017/09/20

ISTORIOAK HEGAZ EGITEKO AUKERA DIRENEAN

Gaur San Juan de Dios hospitalean egon naiz, Vanessa Gonzalez kontalariarekin batera.
Udaberri inguruan hasi nintzen berarekin batera bertara joaten, han bizi den pertsona talde bati ipuinak kontatzera.
Hamabost egunean behin joaten gara, gogotsu joan ere. Beraiek ere, istorioak entzuteko desiatzen egoten dira.
Han egoten garen orduan, lau horma horietatik ateratzen dira ipuinen poderioz. Istorioak aurrera egiten duen heinean, beraien begiak eta aupegiak ikustea, barre eta negarrak entzutea, minutu batzuk lau pareta haietatik hegaz irten direla sentitzea......ez ditut hitzak sentitzen dena adierazteko.

Maite dot ipuinak, istorioak kontatzea eta baita entzutea ere. Maite dot beraien indarra sentitzea, beraien baitan danok izan ahal garelako aske;  haur, heldu, sano hala gaixo. Denok daukagu lekutxo bat istorioetan, ez da inor kanpoan gelditzen.

Gogotsu nago berriro ere entzule talde eder honi kontatzera joateko!!!

Gaur, uda eta gero joan garen lehen eguna izan da. Sorpresa eta ongi etorri galanta eman digute, beraiek egindako eskulan eta guzti. Argazkian ez da ikusten, baina bakoitzak esaldi bat idatzi du .
Eskerrik asko han egon zareten guztioi!! Gu ipuinak pintatzen jarraituko dugu!!
Milesker bihotzez!


2017/05/06

Ongi etorri!

Ez da lo egiteko ordua.
Ipuinak goxo goxo entzutekoa baizik.
Etorri, eser zaitez lasai eta eroso, belarriak garbitu, begiak ireki, zentzumenak zorroztu....hastera doa....

Bazan behin, ipuinak entzutea maite zuen xagutxo bat.
Ezer baino gehiago maite zuen!
Gauero xagu amak, bat kontatzen zion. Azkenaldian,  berdina kontatzeko eskatzen zion xagutxoak amatxori, behin eta berriz.
Xagutxoarentzat, gauero desberdina zen ordea. Berarentzako aldi bakoitzean, pertsonaiak  desberdinak ziren, emozio berriak sentitzen zituen ipuina entzuten zuen aldi bakoitzean, gauza guztiz desberdinak imaginatzen zituen.
Xagu amak, ipuin hori kontatzen jarraitu zuen, xagutxoak berria eskatu zuen arte.
...................................................

Istorio honek diona, askotan bizi izan dugu.
Zergaitik ote?
Ipuinek fantasiazko munduan eta gure imaginarioan aske bidaiatzeko aukera eta baimena ematen digute.
Logika eta arrazoia nabarmen diren mundu honetan, trabarik gabe sentitzeko tartea eskeintzen dute.
Zer pentsatzen duzue?
Bidaiatuko dugu elkarrekin?