Noiz eta nola sortu zenuen ‘Emeen kemen’ emanaldia?
Duela lau bat urte izendatu nuen emanaldia modu horretara. Sortzen
joan den ikuskizun bat izan da. Lau kontakizunek osatzen dute eta nigana
istorio horiek modu ezberdinetara iritsi dira, zerbait mugitu dute nire
barruan, eta beraz, jendaurrera eraman nahi izan ditut. Batzuk irakurri
ditut, beste batzuk bilatu, aurkitu ere egin naute, kontatu egin izan
dizkidate, irudikatu ditut... Iturri ezberdinetatik jasotakoak dira:
literaturatik bildu dut bateren bat, beste bat Molly Malone
dublindarrari eskainitako kantuan dago oinarrituta, eta badaude, baita
ere, amamak niri kontatutako ipuinetan inspiratutakoak.
Zerk lotzen ditu lau kontakizun horiek?
Gerora konturatu nintzen, lau istorio horiek komunean zutena emeen
kemena zela. Emanaldiarentzat izena pentsatzerakoan jabetu nintzen
horretaz. Kontakizunetako protagonista guztiak emakumeak dira. Emakumeek
bizitzeko, sentitzeko eta aurrera egiteko duten nahia da ardatz
kontakizun guztietan. Pentsatzen dut norberak bizi esperientziak berriro
bizitzeko eta osatzeko balio dutela istorio hauek. Berriz bidaiatzeko
aukera ematen dute, eguneroko bizimodu honetatik ateratzeko.
Igor Sala musikariak lagunduta eskaintzen duzu saioa. Zerk ematen dio musikak emanaldiari?
Aurretik ere aritu izan naiz berekin. Elkarrekin haurrentzako saioak
ere egin izan ditugu. Emanaldia girotzen du Igorrek bere musikarekin eta
oso modu ederrean egiten du gainera. Saio intimo eta goxoa sortzen
dugula uste dut.
Umeentzako aritu izan zara ipuin kontalari gisa. Zertan da ezberdina helduentzat aritzea?
Uste dut erregistroa aldatzen dela. Istorioak nondik kontatzen
dituzun. Hor dago aldaketa. Badaude kontakizunak publiko guztiarentzat
direnak. Helduentzako dela pentsatu eta umeei kontatzerakoan haiek ere,
bere modura, ulertu beharrekoa ulertzen dutela konturatzen zara. Kasu
honetan, gazte eta helduentzat mugatu dut Emeen kemena, beste lizentzia
batzuk hartzeko aukera ematen didalako.
Oso publiko diferenteak dira helduena eta haurrena?
Haurrek pentsatzen duten hori esaten dute. Ez zara libratzen. Helduak
gehiago lotsatzen gara momentuan berean pentsatzen duguna esateko.
Esango nuke helduak, oro har, hotzagoak garela eta sentimenduak
adieraztea gehiago kostatzen zaigula. Denbora behar dugu. Feed-back hori
umeekin segituan sortzen da eta badakizu zer ari den gertatzen,
aspertzen ari ote diren edo ikaragarri ondo pasatzen. Helduekin ez dago
hain argi.
Emakumeen indarra ardatz izan arren, publiko orokorrarentzat prestatu duzu?
Bai. Orain arte, gainera, denetarik gerturatu izan da saioa ikustera,
emakumeak bezala baita gizonezkoak ere. Ez dut mugatu nahi. Istorioak
unibertsalak dira. Asko dugu ikasteko emakumeok gizonengandik eta baita
gizonek emakumeongandik ere.
Berrobin izan zinen abenduan eta ostiralean Zizurkilen izango zara. Zer moduzko harrera egin dizute orain arte?
Oso ona. Uste dut gustura egon izan dela publikoa. Arrasate,
Barrundia eta Berrobin izan naiz. Une batean gure egunerokotasunetik
ateratzeko aukera ematen du emanaldi honek eta aldi berean ere gogoeta
egiteko. Musikak ere asko laguntzen du horretan.
Zer suposatu du zuretzat ‘Heldu da kontua’ sorkuntza bekarekin saritua izateak?
Oso pozik jaso nuen beka. Niretzat aukera ederra da jendeak saioa
ezagutzeko eta egiten dudan lana ikustarazteko. Bagabiltza kontalariak
euskaraz helduentzako saioak prestatzen eta garrantzitsua iruditzen zait
hori agerian geratzea. Haurrentzako zirkuitu handi xamarra dago, herriz
herriko liburutegietan programatzen dira saioak. Helduentzat ez dago
hainbeste eta bekaren helburuetako bat zirkuitu horri martxa ematea da,
modu batera sustatzea. Nire lana aukeratu izana niretzat ohorea da. Lana
suposatzen du, egia da, baina hori da, hain justu, nahi duguna
helduentzako ipuin kontalariok: lan gehiago.