Euskal Herriko Kontalariok Greba Digitala egingo dugu beste Kulturgile eta sortzaileekin bat eginda.
Zaindu ditzagun Sortzaileak, Kultura eta jendartea ere!
Entzun gaitzaten ixilduko gara, ikus gaitzaten desagertuko gara.

Euskal Kontalariok Greba Digitalaren alde
Ipuina isildu, ipuina entzun dadin
Ipuinak kontatzerakoan isiluneak, musikan bezala, narrazioaren parte dira. Isiltzeak erritmoari bizia ematen dio, ondoren etorriko den hitza indartuko du. Gogoetarako beta ematen dio entzuleari, etorriko denaren jakin mina pizten, kontaketarako grina ekartzen. Izan ere, isiltzeak ez du esan nahi, derrigorrean ezer esaten ez denik; aitzitik, isiltzea pentsamenduaren oihartzuna izan daiteke.
Badaude, ordea, isilkeria doilorrak, ukaziozkoak, baztertzaileak. Sortzaile eta artisten hitzaren aurrean entzungor gelditzen dena, bazter bidera bidaltzen duena, itzalpera kondenatzen. Honetaz asko dakigu kontalariok, izan ere kultur ekosistemaren parte izanik badakigu zer garrantzi ematen zaion kulturari, gehienetan bere horretan garrantzia eman gabe, bere balio soziala aintzat hartu gabe, bateko edo besteko krisiak jendartea jotzen duenean, kultura delarik lehenengoa bazterrean uzten dena. Orain bizitzen ari garen krisi sozio-sanitario larri hau, jendartea gogor kolpatzen ari da, sektore guztietan, eta, nola ez, kulturgintzan ere. Argi dugu hartu behar diren erabaki garrantzitsuenak herritarren osasunaren zaintzarako direla, osasunak lehenengoa izan behar du erabaki guztietan. Dena dela, honek ez ditu ezkutatu behar sortu diren bestelako arazoak. Eta horietako bat, eta ez txikia, kulturgintzaren arloari dagokio. Antzokiak, liburutegiak eta kultur guneak ixteak, kultur programazio guztiak bertan behera uzteak, etorkizunean zer gertatuko denaren ez jakiteak; honek guztiak ekarri du kontalari askoren lana bertan behera gelditzea, honek dakarren larrialdi ekonomikoa eta pertsonalarekin; baina baita ere, ipuin kontaketak zaletuengana heltzeko ezina. Eta edozein kultur jarduna kaltetzea, jendartea beraren kalterako da.
Zorionez, egun baliabide teknikoek eta internet sareak ematen dituen aukerekin ipuinak bizirik diraute, ezinbesteko aurrez aurreko formatuan ez bada ere. Kontalari asko ari da bere lana eskaintzen herritarren konfinamendua arintzeko nahiarekin. Ipuinak bizirik diraute, hitza ez da isildu. Kontakizun liluragarriak, pertsonaia fantastikoak, herrialde miragarriak oraindik jendearen irudimena pizteko ahaleginetan ari dira.
Baina horrek ez du ahantzarazi behar sortzaileek eta artistek bizi duten egoera. Ezin du ahantzarazi kulturak bizi duen egoera, lehen prekarioa bazen, oraingoan larriago bihurtu dena. Horregatik euskal kontalariok apirilaren 21 eta 22an egingo den greba digitalarekin bat egingo dugu. Gure ahotsa isilduko dugu, entzun gaitzaten. Gure isiltasuna erabiliko dugu istorioa aurrera egin dezan, kontakizuna eten ez dadin. Gure isiltasuna oihartzuna izan dadin.
SINATZAILEAK
1. Aitor Txarterina
2. Aitor Vinagret
3. Amaia Pagola
4. Ana Apika
5. Anduriña Zurutuza
6. Ane Gebara
7. Antton Irusta
8. Alberto Bargos
9. Bea Egizabal, Cesar Marko (Kontukantoi)
10.
Bea Larrañaga, May Gorostiaga (Intujai Teatroa)
11.
Bego Gomez, Joaquin Ponte, Pedro Ruiz (Alabazan)
12.
Dorleta Kortazar
13.
Eneko Haritza
14.
Ester Poveda
15.
Imanol Arabaolaza
16.
Iñaki Carretero
17.
Irantzu Mantxo
18.
Itziar Rekalde
19.
Ixabel Agirresarobe
20.
Ixabel Millet
21.
Joxemari Carrere
22.
Koldo Ameztoy
23.
Leire Zinkunegi
24.
Maider Alcelay
25.
Maider Galarza
26.
Maite Franco
27.
Marta Alzate
28.
Mikel Martinez
29.
Nagore Leon
30.
Nerea Ariznabarreta
31.
Pello Añorga
32.
Puy Osés
33.
Saioa Aizpurua
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.