2024/01/07

ESKERRIK ASKO 2023, ONGI ETORRI 2024

 Joan zaigu 2023. urtea. Oso eskertuta nago ipuin eta antzerkiz beteta egon delako.

Eskerrik asko  ipuinak adin guztietarako programatzen dituzuen guztioi. Hain dira beharrezkoak historioak: denontzat.

Mundu azkar honetan, erritmoa gelditzea, entzutea, begiradak partekatzea, emozioak partekatzea, isiluneak entzutea...hain da premiazkoa. Eta hori guztia da istorioen inguruan elkartzea. Suaren inguruan gure arbasoek egiten zuten bezala, tribua izan; gure irudimenarekin bidai bat elkarrekin eta babesean egin.

Hau da hurrengo urteari eskatzen diodana:  lasai egoteko tarteak hartzea, elkar entzuteko, elkar sentitzeko, isilik egoteko, arnasteko.

Mila esker gure lanbide hau erreza eta atsegina egiten duzuen guztioi eta baita ere, entzutera etorri zaretenoi. Zuek barik, ezingo genuke kontatu.

Aurtengo kontaketa batzuen argazkiak partekatzen ditut.

Ondo bizi!









2023/02/27

AHOZ-AHO 2023

AHOZ-AHO jaialdiaren baitan, atzo arratsaldean Belauntzan egon ginen Igor sala musikaria eta biok, "KONTU ETA KANTU" saioa eskeintzen.

Herri eta auzo txikiak maite ditugu. Oso gustora egon ginen ipuin artean eta kantuak kantatzen. 

Eskerrik asko Ahoz-Aho jaialdiari, arduradunei eta gerturatu zineten guztiei!

 



 

 

2023/02/13

AHOZ-AHO 2023. NAZIOARTEKO KONTALARITZA JAIALDIA HEMEN DA

 

Martxan da jada AHOZ-AHO 2023, aurtengo ahozkotasunaren nazioarteko jaialdia.

Haurrentzako ahozkotasun tailerrarekin eman diogu hasiera. 

Haurrak, jaialdiaren parte izango dira; 

Bidania-Goiatz eta Abaltzizketako eskolako lehen hezkuntzako haurrak, ipuin bat kontatua izateko behar dituzten erramintak jasotzen ari dira. Ipuina prestatu eta jaialdi batean, publikoaren aurrean kontatuko dute, oholtza kontalari batekin partekatuaz.

Aurten niri egokitu zait haurren bidelagun izatea eta asko ari naiz disfrutatzen.

A zer nolako sormena duten!

Laster berri gehiago.

Gora kontalaritza!

 Egitarau osoa hemen:

http://intujaiteatro.blogspot.com/2023/01/ahoz-aho-2023-egitarauaprograma.html

2023/01/11

TOLOSALDEKO ATARIAN ELKARRIZKETA/ "EMEEN KEMEN"

Maider Alcelay Romerok (Arrasate, 1975) 'Emeen kemen' helduentzako ikuskizuna eskainiko du ostiralean Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean 19:00etatik aurrera. Igor Sala musikaria izango du alboan.

Noiz eta nola sortu zenuen ‘Emeen kemen’ emanaldia?

Duela lau bat urte izendatu nuen emanaldia modu horretara. Sortzen joan den ikuskizun bat izan da. Lau kontakizunek osatzen dute eta nigana istorio horiek modu ezberdinetara iritsi dira, zerbait mugitu dute nire barruan, eta beraz, jendaurrera eraman nahi izan ditut. Batzuk irakurri ditut, beste batzuk bilatu, aurkitu ere egin naute, kontatu egin izan dizkidate, irudikatu ditut... Iturri ezberdinetatik jasotakoak dira: literaturatik bildu dut bateren bat, beste bat Molly Malone dublindarrari eskainitako kantuan dago oinarrituta, eta badaude, baita ere, amamak niri kontatutako ipuinetan inspiratutakoak.

Zerk lotzen ditu lau kontakizun horiek?

Gerora konturatu nintzen, lau istorio horiek komunean zutena emeen kemena zela. Emanaldiarentzat izena pentsatzerakoan jabetu nintzen horretaz. Kontakizunetako protagonista guztiak emakumeak dira. Emakumeek bizitzeko, sentitzeko eta aurrera egiteko duten nahia da ardatz kontakizun guztietan. Pentsatzen dut norberak bizi esperientziak berriro bizitzeko eta osatzeko balio dutela istorio hauek. Berriz bidaiatzeko aukera ematen dute, eguneroko bizimodu honetatik ateratzeko.

Igor Sala musikariak lagunduta eskaintzen duzu saioa. Zerk ematen dio musikak emanaldiari?

Aurretik ere aritu izan naiz berekin. Elkarrekin haurrentzako saioak ere egin izan ditugu. Emanaldia girotzen du Igorrek bere musikarekin eta oso modu ederrean egiten du gainera. Saio intimo eta goxoa sortzen dugula uste dut.

Umeentzako aritu izan zara ipuin kontalari gisa. Zertan da ezberdina helduentzat aritzea?

Uste dut erregistroa aldatzen dela. Istorioak nondik kontatzen dituzun. Hor dago aldaketa. Badaude kontakizunak publiko guztiarentzat direnak. Helduentzako dela pentsatu eta umeei kontatzerakoan haiek ere, bere modura, ulertu beharrekoa ulertzen dutela konturatzen zara. Kasu honetan, gazte eta helduentzat mugatu dut Emeen kemena, beste lizentzia batzuk hartzeko aukera ematen didalako.

Oso publiko diferenteak dira helduena eta haurrena?

Haurrek pentsatzen duten hori esaten dute. Ez zara libratzen. Helduak gehiago lotsatzen gara momentuan berean pentsatzen duguna esateko. Esango nuke helduak, oro har, hotzagoak garela eta sentimenduak adieraztea gehiago kostatzen zaigula. Denbora behar dugu. Feed-back hori umeekin segituan sortzen da eta badakizu zer ari den gertatzen, aspertzen ari ote diren edo ikaragarri ondo pasatzen. Helduekin ez dago hain argi.

Emakumeen indarra ardatz izan arren, publiko orokorrarentzat prestatu duzu?

Bai. Orain arte, gainera, denetarik gerturatu izan da saioa ikustera, emakumeak bezala baita gizonezkoak ere. Ez dut mugatu nahi. Istorioak unibertsalak dira. Asko dugu ikasteko emakumeok gizonengandik eta baita gizonek emakumeongandik ere.

Berrobin izan zinen abenduan eta ostiralean Zizurkilen izango zara. Zer moduzko harrera egin dizute orain arte?

Oso ona. Uste dut gustura egon izan dela publikoa. Arrasate, Barrundia eta Berrobin izan naiz. Une batean gure egunerokotasunetik ateratzeko aukera ematen du emanaldi honek eta aldi berean ere gogoeta egiteko. Musikak ere asko laguntzen du horretan.

Zer suposatu du zuretzat ‘Heldu da kontua’ sorkuntza bekarekin saritua izateak?

Oso pozik jaso nuen beka. Niretzat aukera ederra da jendeak saioa ezagutzeko eta egiten dudan lana ikustarazteko. Bagabiltza kontalariak euskaraz helduentzako saioak prestatzen eta garrantzitsua iruditzen zait hori agerian geratzea. Haurrentzako zirkuitu handi xamarra dago, herriz herriko liburutegietan programatzen dira saioak. Helduentzat ez dago hainbeste eta bekaren helburuetako bat zirkuitu horri martxa ematea da, modu batera sustatzea. Nire lana aukeratu izana niretzat ohorea da. Lana suposatzen du, egia da, baina hori da, hain justu, nahi duguna helduentzako ipuin kontalariok: lan gehiago. 

2022/11/21

"EMEEN KEMEN"

Hasi da "EMEEN KEMEN" helduentzako ipuin saioa bere bidea egiten.

"Heldu da kontua!" egitasmoari esker,  Arrasaten eta Ozaetan egon gara berarekin ipuinak eta kantuak partekatzen.

Pozez zoratzen nago izandako harreragaitik eta jarraitzeko gogo haundiz.

Gora ipuinak! pertsonak elkartzeko duten ahalmenagaitik, goxotasunagaitik, gogortasunagaitik, poesiagaitik.....bidaiengaitik.

Eskerrik asko berriz ere, helduentzako euskarazko ipuin saioak programatzeagaitik.

Helduek ere behar ditugu ipuinak.

 
  ARRASATEKO BIBLIOTEKA

 
    OZAETAKO EKONOMATOA

 
 
 

2022/10/17

HELDUENTZAKO KONTAKIZUNAK


 

HELDU DA KONTUA

 "HELDU DA KONTUA" helduentzako euskarazko kontalaritza zirkuitoa osatzeko asmoarekin sortu den egitasmoa da. 

Euskal kontalariak elkartu eta Intujai konpainiaren sortzailetako bat den Mai Gorostiagaren bultzadari esker, jarri da martxan aurrerantzean handitzeko asmoa duen egitasmoa. 

Euskal Herriko kultur etxe, liburutegi, antzoki zein plazetara, helduentzako euskarazko kontalaritza saioak eraman nahi ditugu.  Ipuinak soilik haurrentzat diren sinismenari aurre egin nahi dio egitasmo honek eta jadanik martxan da.

Helburuen artean, kontalaritza ikuskizunen  katalogo bat sortzea da ere, besteak beste, baina guzti honen berri, laster izango duzue.

Urtero, zirkuitoan parte hartuko duten bi kontalari saridun izango dira. Espazio desberdinetan, beraien kontalaritza ikuskizunak estreinatzeko aukera izango dute Euskal Herrian zehar.

Aurten, Mireia Delgado eta ni neu izan gara sarituak eta azarotik aurrera, herri desberdinetan ibiliko gara helduentzako historioak zabaltzen.

Beraz, adi egon eta ez galdu aukera,  "HELDU DA KONTUA!" 


EMANALDIAK:


Hauexek izango dira “HELDU DA KONTUA´22”  ZIRKUITOAren emanaldiak:


·       -OÑATI: 2022-10-26, asteazkena.

Mireia Delgado: “Hariak, jostorratzak eta zauriak”


·         -ARRASATE: 2022-11-17, osteguna.

Maider Alcelay: “Emeen kemen”

 

·         -BARRUNDIA: 2022-11-18, ostirala.

Maider Alcelay: “Emeen kemen”

 

·         -BERROBI: 2022-11-19, larunbata.

Maider Alcelay: “Emeen kemen”

 

·         -IRURAIZ-GAUNA: 2022-11-27, igandea.

Mireia Delgado: “Hariak, jostorratzak eta zauriak”

 

·         -AMAROTZ (TOLOSA): 2023-01-03, asteartea.

Mireia Delgado: “Hariak, jostorratzak eta zauriak”

 

·         -ZIZURKIL: 2023-01-13, ostirala.

Maider Alcelay: “Emeen kemen”